Onintza Enbeita
Minbiziaren tratamendua ez da ospitalean bakarrik jasotzen. Ez, ez naiz animoso bazaude sendatu egingo zarela esaten ari. Jende gehiegi hil zaigu inguruan animoz beterik eta ez dira izan minbizia gainditu dutenak baino inozoagoak. Minbizia sendatzeko tratamenduak badaude, baina batzuetan ez dute funtzionatzen: gripearenak huts egin dezakeen moduan huts egiten dute gure eskuetan ez dauden hainbat faktorerengatik. Hala ere, kimioterapiak eta erradioterapiak sendatu adina hausten gaituzte. Uzten dizute gorputza sor eta lehor, minbera eta erreta, mareatuta eta galduta. Eta askotan medikuek ez daukate animatuko gaituen ezer: ez daukate gure bagina lehorrarentzat erantzunik, ez dute gure umore txarra ulertzen, bizirik bagaude pozik egon behar dugula uste dute, inork ez du gure ezinegona bideratzen. Gure amari, esate baterako, tratamendua hasi eta urte eta erdira gomendatu diote psikologoarengana joateko. Eta munduko medikurik onena da, eta pazientzia izan du gure amarekin, eta maitagarria da, baina urte eta piko behar izan du gure ama beldur dela ulertzeko. 18 hilabete kimio, inmuno eta erradioterapian. Eta gero psikologoa eta psikiatra.
Minbizia dugula esaten diguten momentuan zerbait lehertzen da gure barruan. Ezagutzen ditudan guztiek deskribatzen dute egoera bera: bat batean, mundua gelditu egin izan balitz bezala, hasten dira medikua marrazki bizidunetan bezala entzuten han urrunean, haren hitzak haien buru barrura sartu ezingo balute bezala. Eta gero datoz beldurra, zaurgarritasuna, mina, tratamendua… eta ospitalean ezin digute beti behar dugun guztia eman.
Badago, hala ere, jausten zaren aldiro zutitzen laguntzen dizun jendea. Mareatuta zaudenean komunera iritsi ezinik, eskua ematen dizuna. Tratamenduaren etenaldi batean ardoa edateko baimena eman dizutenean zurekin txin-txin egiten duen jende hori badago. Telefonoz deitzen dizuna eta hitz egiteko gogorik ez baduzu bihar arte agurtzen zaituena. Eta bihar ere deitu egingo dizuna hobeto zauden jakiteko. Badago jende bat ez dituena zure beldurrak eta minak zalantzan jarriko, eta “zergatik niri?” galdetzen duzunean ez dizutenak psikologia merkeko liburuetan irakurritako erantzunik emango. Badaude pertsona eder batzuk zer esan ez dakitenean kroketak egingo dizkizutenak edo marianitoa hartzera eramango zaituztenak besterik ez bada gurpildun aulkian. Gizaki zoragarri batzuk prest egongo dira zure gorpua Madriletik zure etxeraino argidun hilkutxa batean ekartzeko. Eta zure gurutze bide berean sartuta dagoen jendearekin asteburu pasa zoazenean konturatuko zara, guztiok behar dugula burusoil gaudenean belarritakoak oparituko dizkigun norbait, zapia kendu eta muxu emango diguna begietara begira. Eta pertsona hori ez da beti gure bikotea izango. Denok eskertuko genuke azken aldiz itsasoa entzutera eramango gaituen norbait izatea alboan, alta ematen digutenean ospitaleko atean pankartarekin itxarongo diguna, edo guztia amaitzea nahi dugunean lasai agur esaten lagunduko diguna. Denok behar ditugu ahizpak, eta azken urteetan ezagutu dudan ahizpatasunaren eredu ederrenetakoa da Inurri.
Nik ez dut sekula minbizirik izan. Ikusi ditut hiltzen lehengusuak 40 urte bete gabe, osabak jubilatu berri, lagunak eta ezagunak bizitza betean, baina nik zortea izan dut. Gure aitak bai izan zuen minbizia eta bera ingresatuta zegoenean, sentimenduez sekula hitz egin ez zuten gizon batzuekin elkartu nintzen soziedadean hura nola zegoen esateko. Korapilo infinitu bat egin zitzaidan. Ulertu nuen gizon haien maitasuna eta miresmena, baina gogorra egin zitzaidan haien esan nahi eta esan ezina. Orain amak dauka minbizia eta lagunek deitu egiten diote. Heriotzaz eta bizitzaz hitz egiten dute elkarrekin. Guri galdetzen digute ea nola gauden, eta ulertzen gaituzte, baina amarekin daude, eta ama gurekin haserretzen bada haiek ere haserretu egiten dira. Ahizpatasuna da. Minbiziak lubaki batean sartu ditu denak elkarrekin, eta nik, inoiz minbizirik badut badakit zer eskertuko diodan bizitzari norbaitek kimioterapia asmatu izanaren beste: Izan Inurri nire bidean gurutzatu izana eta ahizpak. Ahizpak: odolekoak eta besteak. Marianitoa nahi dudanean kroketa eta guzti emango didatenak eta mekaguendios esaten dudanean ez direnak hasiko esaten ez duela haserreak merezi. Ulertuko nautenak eta eutsiko didatenak. Komunera joateko indarrik ez dudanean eskua emango didatenak. Bizitzan kaka sinbolikoki egin dudanean eman izan didaten moduan.
