Iñurri

a

Bakean utzi

2026/07/02

Onintza Enbeita

Nik ez dut sekula minbizirik izan, baina berriro ere daukat ondoan. Eta mundu guztiak daki zer egin behar dudan ama ondo zaintzeko. Mundu guztiak daki nola lagundu behar diodan amari: baita gure ama ezagutzen ez dutenek ere. Minbiziaren kontra onak diren gauzez hitz egiten didate: brokolia jan behar omen da. Ez diot ezetzik, baina gaixoa gure ama da eta berak erabaki du, brokolia dagokionean bakarrik jango duela: orain arte jan duen bezala. Antsietatea zerk sortzen dion ere esplikatu didate, eta alperrik izanda nik gure amari buruz kontatu dudana. Alperrik pasatu dut denbora gure amaren beldurrez hitz egiten. Jendeak badaki zer egin behar duen gure amak antsietaterik ez izateko. Eta amorrurik gehien ematen didana da, neuk sekula antsietaterik izan ez banu bezala hitz egitea da. Barkatu, hemen denok ditugu gure traumak eta mobidak. Eta antsietateak ohe askotan lo egiten du, ez ustez guztia dakizuenon oheak bakarrik. 

Ama ondo zaintzen saiatzen naiz, eta hala ere haserretu egiten naiz harekin. Dena ezin zaio barkatu gaixoari ere. Orduan hasten zaizkizu denak ulermenaz hitz egiten, pazientziaz eta halako gauzez. Gero, ostera, joaten dira zure amarengana eta animoari eutsi egin behar diola esaten diote: ezin duzu erori. Askotan erantzungo nieke ondotik: “erorita dago. Kimioterapia da altxatzeko duen esperantza bakarra eta ez dituzue haren ondorioak onartzen. Animoak ez du sendatuko zuek mila aldiz haren alde oihu egin arren”. Isildu egiten naiz. Joaten dira bisitak eta hasten da ama negarrez. Normala da. Mina ez da desagertzen aholku onak entzun omen dituelako, eta beldurrak hor jarraitzen du.

Munduari oihu egin nahi nioke: utz gaitzazue bakean. Gaixotasun bat eta bakarra da minbizia eta ez daude minbizi berdin bi. Nik sinisten dut dena gaizki egiten ari garela, baina gure egiteko modua hau bada, nori inporta behar dio? Gustatuko litzaidake brokoliaren abantailez hitz egiten didatenei ahoan brokoli bana sartzea isildu daitezen. Gustatuko litzaidake munduari esatea zein injustua iruditzen zaidan, ni ama zaintzen ari naizen bitartean, gure lagun bat itzaltzen ari dela jakitea. Animoaz hitz egiten dutenei esan nahi nieke inpotentziak harrapatzen dituenean, bat zaintzearren beste bat utzi behar dutenean, eskaner baten emaitzek zure bizitza osoa alda dezakeenean ea zer egiten duten. Jakin nahi nuke ea nola lortzen duten animoari eustea, ea mendira joaten diren, edo telefonoko meme graziosoak errepasatzen dituzten… jakin nahi dut eta behar dut jakin. 

Zure bizitzan gauza ederrak gertatzen ari direnean zuk gehien maite duzun pertsonetako batek ezin duenean zurekin ospatu zer egin behar den jakin nahi dut. Ni ez bainaiz eroriko, baina sufritu egingo dut maite dudan norbait erortzen den bakoitzean. Aholkuak ematen dituen jendeari galdetu nahi nioke ea zenbat jende ikusi duen itzaltzen baikorra izateak sendatuko zuela sinistu eta gero. Ea zenbat aldiz eman dioten azkenengoz eskua inork baino animo, umore on eta baikortasuna gehiago izan duen osaba maite horri. 

Laguntza onartu egin behar da eta nik onartzen dut. Onartu izan dut neuretzat zaintza behar izan dudanean eta onartzen dut amarentzat. Baita aitarentzat ere, nahiz eta haren arazoa ez den minbizia. Hori bai, zaindu behar duzuneari galdetu zer nahi duen, lagundu nahi diozuen horren ametsak, pasioak eta desioak ez ukatu. Eta ez bazarete, ez bagara, hori egiteko gai, utzi gaixoari bakean. 

0
    0
    Zure saskia
    Zure saskia hutsik dagoItzuli dendara
    Privacy Overview

    This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.