Iñurri

a

Heriotza

2026/06/01

Onintza Enbeita

Inguruko norbait hiltzen den bakoitzean hitz egiten dugu hiltzeko modu egokiaz: batzuek nahiago dute bat bateko heriotza, beste batzuek maleta egiteko aukerari garrantzia ematen diote, adinaren arabera hobeto edo okerrago onartzen ditugu galera batzuk… orduetan hitz egin eta gero ohartzen gara ez dagoela hiltzeko modu egokirik. Bakoitzak dauka berea eta bakoitzarena da balekoa. Izan ere, bizi egunero egiten gara, baina hil behin bakarrik egingo gara. Kito. Ondo edo gaizki, bat batean edo luzaro eutsita, gure buruaren jabe edo makinen menpe, istripuz edo zaharraren zaharraz. Behin bakarrik gertatuko zaigun zerbait da eta gertatzen den moduan asumitu beharko dute gure ingurukoek.

Minbizia eta heriotzaren arteko lotura ia erabateko da gure imajinarioan. Datuek diotenez, minbizi asko sendatzen dira, baina min biziaren diagnostikoa entzuten dugun aldiro, heriotzaz pentsatzen dugu gehienok. Hiltzeko beldurrak harrapatzen gaitu gehienetan, bai gaixoak eta bai ingurukook. Eta ingurukoon jarrera beti ez da logikoa izaten. Saiatzen gara egin gabe ditugunak egiten, eta ez gara ohartzen diagnostikoa jaso duenak izan dezakeela gurekin planak egiteko gogoa, edo ez. Zeren badago jendea kimio sesioen artean bidaiatu egiten duena, eta badago jendea ez duena inor ikusi nahi izaten, eta badago jendea nahiago izaten duena etxekoekin bakarrik egon, eta badago jendea parrandara ateratzen dena, eta badago diagnostiko adina jende eta minbizia bizitzeko modu. Hala ere, gure inguruko norbaitek minbizia duela esaten digutenean derrepentean gogoratzen gara halako kontzertura edo bidaiara ez ginela joan, eta agian hau dela momentu egokia. 

Agian, ulertu behar genukeena da guk ezin dugula gaixorik dagoenak zer nahi duen asmatu. Galdetu egin behar zaio nola zeharkatu nahi duen gaixoaldia, nola eutsi nahi dion tratamenduari eta nola hil nahi duen hala erabakitzeko aukerarik izango balu. Zaintza ez baita bakarrik gauean ohera ura eramatea, edo komunera laguntzea, edo ospitalean ondoan izatea. Zaintzak esan nahi du, zaintzaileok ulertu egin behar dugula zaintzen ari garenak zer nahi duen eta horren arabera hartu behar ditugula harekiko erabakiak. Lasaitasun handia ematen du zu hil eta gero zure desioak bete egingo direla jakiteak. Maite dugun horri lasaitasun hori ematea ere zaintza da. 

Ez dugu heriotzaz hitz egiten hurbil tokatzen zaigunean baino. Garrantzitsua da hala ere. Minbiziak ekarriko dizkigun miseria guztiak aparte utzita, zertan lagunduko digun pentsatzea ondo dago. Eta minbiziak laguntzen digu heriotzaz hitz egiten, nahi genukeena eta ez genukeena zerrendatzen. Pentsatu dezagun gure kasuan, eta garrantzitsuagoa dena, entzun dezagun ondoan ditugunek zer nahi duten.

0
    0
    Zure saskia
    Zure saskia hutsik dagoItzuli dendara
    Privacy Overview

    This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.