Onintza Enbeita
Jende asko daukat inguruan osasun sistema pribatuarengan sekulako esperantza jartzen duena. Esperantza eta dirua. Izan ere, hilero kuota bat ordaintzen dute ezer behar dutenean dena debalde izango dutelakoan. Ez da halakorik gertatuko, ordea. Izan ere, hilean ordaintzen duten diruak oinarrizko zerbitzuak baino ez dizkie bermatzen. Gero, beste edozein erabiltzaileren moduan, behar duten zerbitzuko hainbat ordaindu behar izaten dute. Laugarren garagardotik aurrera askotan eztabaidatzen dugu, eta nik beti gauza bera esaten diet: merkeagoa da behar duzunean egin duzun erabilpena ordaintzea, hilero dirua jartzea baino. Eta horrela daramatzagu 20 urte eztabaidaz eztabaida.
Adinak gauzak konplikatu dizkigu, gure gurasoak zahartu egin dira, eta ohartu gara ordaindu ezingo genituzkeen tratamenduak behar dituztela, edo behar ditugula. Farmazian uzten dugun dirua hamar aldiz biderkatuko luke osasun sistema publikorik ez izateak eta gutako askoren etxeetan zaila izango litzateke botika horiek gabe guztiok bizirik mantentzea. Gehienek ez dute sistema pribatuan egin duten inbertsioaz hitz egin nahi, baina lagun batek esan zidan aurrekoan 20 urtean ordaindu duen guztiarekin, edozein tratamendu izan beharko lukeela doan. Ez dauka, ordea. Ordaintzen duzun kopuruaren araberako bezeroa zara: premium, arrunta, urrezkoa. Ordaintzen duzunaren arabera artatuko zaituzte edo ez; eta ordaintzen duzunaren arabera egingo dute zure faktura. Zenbat aldiz kexatu garen osasun sistema publikoan zenbakiak garelako, baina ez gara ohartzen, sistema pribatuan bai bagarela zenbakiak. Ez, ordea, gure paziente zenbakia: gure kreditu txartelaren zenbakia baino.
Harrigarria da zein puntutaraino sartu diguten buruan pribatua hobea dela publikoa baino. Eta zenbat aldiz esan diguten ordainpeko mediku zerbitzuek joateko ospitale publikora ezin gaituztelako halako edo bestelako tratamenduekin sendatu. Sistema kapitalistak dirua egin nahi du gauza guztiekin, oinarrizko zerbitzuekin ere bai. Horregatik irakatsi digute umetatik, zerbitzu onak nahi baditugu, ordaindu egin behar ditugula. Ez dezagun gure burua engainatu: zerbitzu publiko onak nahi baditugu, zergak ordaindu behar ditugu, eta estatu osasuntsuak eraiki.
Osasun sistema publikorik gabe gutako gehienok ez genuke minbizia gaindituko. Nork ditu 1000 euro edo gehiago kimioterapia sesio bakoitza ordaintzeko? 6000 euro edo gehiago ebakuntza egiteko? 200 euro edo gehiago beharrezko kontsultak ordaintzeko? Ez dakit zenbat mila euro immunoterapia egin ahal izateko? Aurreztuta daukagun dirua amaitzen denean sendatu gabe bagaude, zer? Osasun publikoa da tratamendu batek huts egin eta beste bat eskainiko dizun bakarra. Ez da doakoa, ados. Gure zergekin ordaintzen dugu. Baina guztion zergek ordaintzen dute guztion osasuna zaintzeko behar dugun hori. Eta denok berdin artatzen gaituzte kontu korrontean daukagunari begira egon gabe, gure usainei, azalaren koloreari edo sexu aukerari erreparatu gabe.
Mundu ideal batean denok ulertuko genuke osasun sistema publiko indartsuaren beharra. Mundu ideal batean normaltasunez hitz egingo genuke gaixotasunen eta haien kostu emozionalaz, pertsonalaz zein ekonomikoaz. Mundu ideal batean ez ginateke gaizki sentituko gure zergekin gure auzokoa sendatu dutelako. Mundu ideal batean ez genioke ongizate estatua deituko zerbitzu publikoak etengabe murrizten dituenari. Mundu ideal batean ez genuke telemaratoirik beharko umeen minbizia kasuek uzten dituzten albo ondorioak artatzeko. Mundu ideal batean onkologoak psikologoarengana bidaliko luke jendea hasieratik, eta osasun sistema publikoak astero, egunero edo behar denero psikologoarekin izateko aukera emango liguke. Mundu ideal batean ez litzateke influencerrik egongo osasun sistema publikoaren alde hizketan. Batez ere, influencer gehienak baino aberatsagoak izan diren askok dena galdu dutelako minbiziaren sendaketa prozesuan, adibidez. Hollywooden bertan ditugu horren adibideak.
Minbizia ez dute xingola arrosek, gure umore onak, guk sendatzeko jartzen dugun animoek… eta halako gauzek sendatuko. Minbizia sendatuko du osasun sistema publiko indartsuak. Horregatik da jasangaitza Donostiako onkologikoa nola desmantelatu duten ikustea. Jasangaitza gaixoek bizi duten ginkana. Jasangaitza gure zergekin porlana erraz hedatzen dela ikustea, eta umeak esplotatuta merke janzten gaituen gizon zuri aberats heterosexualaren donazioak lau haizeetara zabaltzea. Osasun sistema publiko sendoak ez du salbatzailerik behar, estatuaren inplikazioa baino. Atzo zu izan zinen tratamendua behar izan zuena, gaur gure ama da, etzi lagun bat izan daiteke eta konturatzen zarenerako zu. Arnasa sakon hartu eta gure buruarengan pentsa dezagun: ez dago ekintza norberekoiagorik osasun sistema publikoaren alde borroka egitea baino. Guztiok beharko dugulako: kolektiboki eta banan banan.
