Dolua lantzeko
talde terapia
Dolua lantzeko taldea espazio terapeutiko eta goxoa da, senide bat galdu eta doluaren mina bizitzen ari diren pertsonei zuzendua. Errespetuzko espazio seguru eta konfidentziala da, non parte-hartzaile bakoitzak bere burua askatasunez adierazteko aukera izango duen, epaiketarik eta presiorik gabe. Helburua, dolu prozesua lantzea izango da, bakoitzaren egoera pertsonala kontuan hartuz.
Espazio honen helburu nagusia , laguntza emozionala eskaintzea izango da, sostengua ematea eta tresna praktikoak garatzea dolua modu osasuntsuan igarotzeko, galera prozesatu eta ongizate emozionala berreskuratzeko bidean.
Taldean, galerarekin lotutako bizipenak partekatzen dira, baita sortzen diren emozioak ere (tristura, errua, haserrea, nahasmena, bakardadea…) eta eguneroko bizitzan gertatzen diren aldaketak. Beti balioztatze emozionaletik lan egiten da, ulertuz dolu bakoitza bakarra dela eta ez dagoela “zuzen” bizitzeko denbora edo modurik. Gai hauek lantzen dira: agurra, erritual pertsonalak edo kulturalak, galdutako harremanaren esanahia eta errealitate berri baten eraikuntza. Aurre egiteko baliabideak, norbere zaintza eta komunikazio emozionala lantzen dira, aurrera egiteko, galdutako pertsona ahaztu gabe, eta bizitzari zentzu berri bat emanez
Taldea doluan aditua den profesional batek gidatzen du, eta hitzak, isiltasunak, negarrek edo lasaitasunak balio bera dute. Talde dinamika, hausnarketa ariketak, entzute aktiboko uneak eta, batzuetan, sinbolismoa duten proposamenak uztartzen dira, maite dugun pertsonarekin konexioa lortzeko zenbait modutara landuz
Dolua lantzeko taldeak onura asko ditu:
- Babes eta ulermen sentimendua eskaintzen du egoera zaurgarri batean.
- Gizarte-isolamendua arintzen du, sarritan doluarekin lotutakoa.
- Galera pertsona baten historian integratzen laguntzen du
- Hutsegitearen aurrean bizitzaren zentzua berreraikitzeko aukera aitortzen du.
Maite izandako pertsona bat galdu duten adin nagusiko pertsonei dago zuzendua, galera esanguratsuren bat bizi dutenentzat (duela gutxi edo aspaldiko), eta antzeko prozesuak bizi dituzten beste pertsonekin emozioak partekatu eta lantzeko gogoa dutenentzat.
Ainara Urdapilleta
Ainara Urdapilleta psikologoak gidatutako tailerra. Dolu eta galeretan espezialista, mindfulness eta konpasioan aditua.
• Psikologian graduatua (UNED), osasun eta psikologia klinikoan espezializatua.
• Filologia Klasikoan lizentziatua (EHU).
• Osasun Psikologia Orokorreko Masterra (EHU).
• Psikologia Kliniko Aplikatuko Masterra (Europako Psikologia Aplikatuko Institutua).
• Doluan counseling (IPIR, Dolu eta Galera Institutua, Alba Payásek zuzendua).
• Dolu eta galeren esku-hartzea (IPIR, Dolu eta Galera Institutua).
• Dolu luzatuaren prebentzioa eta esku-hartzea (amaitzen) (IPIR, Dolu eta Galera Institutua).
• Mindfulness espezializazioa (Zaragozako Unibertsitatea, Javier García Campayo).
• Bitartekaritza eta gatazken konponbide ikastaroa (Espainiako Bitartekaritza Elkartea).
Informazio praktikoa
Hasiera data: Taldeko partaideekin adostuko da.
Ordutegia: Astelehenero 18:00-20:00.
Lekua: Iñurriren lokalean (Pauma) Usurbil
Saio kopurua: 10 saio.
Plaza kopurua: 10 (Oraingo taldean sartzen ez direnak itxaron zerrenda batean gordeko dira hurrengo taldeetarako)
Kostua: Iñurriko bazkideentzako 40€. Iñurriko bazkide ez direnentzako 60 € (Berezko kostu erreala 200€ pertsonako)
Landuko ditugun gaiak
- Dolua ulertzen.
- Dolua eta emozioak.
- Eguneroko bizitzan izandako inpaktua.
- Erritualak, agurra, oroimena.
- Gizarte-laguntza eta sarea.
- Autozaintza.
- Zentzua eta eraldaketa.
- Taldearen agur sinbolikoa eta etorkizunerako proiekzioa.