Onintza Enbeita
Minbizia diagnostikatzen digutenean, geure buruari egiten diogun galderarik arruntena “zergatik niri?”, izango da. Beste gaixotasun batzuen kasuan ere bai, baina orriotan minbiziak elkartu gaitu. Guri zergatik gertatu zaigun galdetzeak badauka erruduntasun ukitu inplizitu bat. Izan ere, guri zergatik gertatu zaigun jakin nahi horrek ezkutatzen du, badaudela minbizia ekar dezaketen joera batzuk, eta jakina, badela pauta oker horiek jarraitu dituen jendea. Beraz, onartu gabe onartzen dugu badagoela minbizia merezi duen jendea eta merezi ez duena. Eta uste oker horregatik, edo kapitalismoaren guru berriengatik edo ezagutzen ez ditugun arrazoi historikoengatik, sinistu egiten dugu gu horretatik libre gaudela.
Egun random batean, ordea, gaizki sentitzen hasten gara, nekeak gainditzen gaitu, zerbait igartzen dugu gure bularrean edo, besterik gabe, besoko minez esnatzen gara. Diagnostikoak hondoratu egingo gaitu: minbizia. Han edo hemen, berdin du: minbizia. Eta isiltasunean “zergatik niri?”, galdetuko diogu geure buruari: “zer egin dut nik hau merezi izateko?”. Eta ahots urrun batek buelta emango die gure galdera zentzugabeei: “zergatik ez zuri?”, “zer egin zuten beste batzuek hau merezi izateko zu osasuntsu zeunden bitartean?”.
Galderak eta haiek egiteko momentuak aldatzean dago gakoa. Minbizia diagnostikatzen digutenean galdezka hasi beharrean, sano gaudenean galdetu behar diogu geure buruari: “zergatik ez?”. Horrek lagunduko digu egun bakoitzari daukan garrantzia ematen, osasun sistema publikoaren alde borrokatzen, gaixorik dagoen jendea ikusten… eta inoiz diagnostikoa heltzen bazaigu, buruan geldituko zaizkigun galderak tratamenduari dagozkionak izango dira. Xumeagoak, erantzun errazekoak eta erruduntasunik gabeak.
Inork ez du minbizirik merezi, baina datuek diote gutako gehienok izan dugula edo izango dugula. Zergatik ez ditugu sareak osatzen elkarri laguntzeko eta salto egitea tokatzen zaion inork lurra jo ez dezan? Beldurra ematen diguten diagnostikoak ere bizi beharko ditugu. Zergatik? Haatik. Eta hala ere, ez da hori izango txarrena. Bizirik daudenek bakarrik dute gaixotzeko aukera.